zuhaitza baten gerizan
Kontatzera natorkizuen istorioa benetakoa da. Hemendik urruti gertatu zen, oso urruti, Etiopian alegia. Pasadizoa ez da nirea. Ryszard Kapuscinsky idazle poloniarrari lapurtu diot. “Ebano” liburutik hartutakoa da. Ostutako pasarteak “zuhaitza baten gerizan” du izena.
Duela urte asko jazo zen, Adofo izeneko herri txiki batean, Wollega probintzian. Nilo Urdinetik gertu izan arren, parajea sabanaren erdian dago. Eguzkiak erretako lurraldea da. Ordokiak ikaragarriak dira, amaiezinak. Hondarrak dena betetzen du, eremu oro. Beroa itolarria da; eguerdian jasanezina. Lautada haietan belar lehor eta horixka bat sortzen da. Noizbehinka zuhaizka ihartu eta arantzatsuak ere ikus daitezke. Gauza handirik ez. Baina Adofok badu berezitasun bat. Herrixkatik gertu bada zuhaitz eder bat: mango bat da. Adar-buru zabala du eta berde biziko hostoak. Urrutitik ikusten da: zerumugan ageri den orbana da, zorioneko adarrartea. Zergatik zuhaitz bakarra?, nola liteke horrelako arbola sortzea ezerezaren erdian?, nondik jasotzen du bere bizigarria? Inork ez daki. Misterio bat da. Kilometro askotxo egin behar dira beste mango batekin topatzeko.
Mangoaren ingurua magikoa da. Itzalak erakartzen du jendea: izan ere, eguerdian, eguzkiak goia jotzen duenean eta zerua zuri-zuri geratzen denean, zuhaitzaren itzalak mundu guztia babesten du. Beroa eraman errazagoa da zuhaitzaren gerizpean buztinezko txaboletan baino. Mangoaren baitara biltzen dira den-denak: haur eta gazte, zaharrak eta ez hain zaharrak, gizon eta emakumeak, baita herriko behiak, ardiak eta ahuntzak ere. Herri osoa. Herriko gauzak ere bertan erabakitzen dira, denon artean solasean. Eztabaida oro egunez egin behar da. Eztabaidak solaskidearen aurpegia ikustea exijitzen du, jakiteko haren hitzak eta begiak bat datozen edo ez.
Mangoaren babespean eskola sortzen da egunero. Ez dago hormarik, ez dago aterik. Zabala oso da. Adofoko maisua bertara joaten da. Haurrak ere bertaratzen dira, adin guztietakoak. Adin tarteak ez du axola. Maila bakarra da guztiontzat. Nahi duena joaten da. Ez da derrigorrezkoa. Maisuak poltsikotik ateratzen du alfabetoa. Orri batean dago idatzita. Zuhaitzaren enborrean iltzatzen du. Enborra da bere arbela. Altura egokia aukeratu behar du, haur guztiek alfabetoa ikus dezaten. Makil baten laguntzaz, letra guztiak errepasatzen ditu, banan-banan. Haurrek buruz ikasi behar dituzte. Ez dute arkatzik, ezta orririk ere.
Horraino lapurtutako pasartea. Urte dezente igaro arren Afrikaren egoera ez da askotxo aldatu. Gabeziak, gaixotasunak, ustelkeria da nagusi; miseriaren gordinkeriak, azken batean.
Zilegi bekit gure egoerarekin alderaketa egitea? Behartuegia, akaso? Gure erreferenteak beste batzuk dira: Finlandia eta enparauko hezkuntza sistemak, noski. Iparraldeko herriei begira gaude, ez hegoaldekoei. Ikus-entzunezkoen gelak ditugu, arbela digitalak ere bai (eta ez enborrezkoak). Teknologia berrien sukarrak planeta osoa hartu du bere mende. Hezkuntzaren mundua ere ari da pausoak ematen. Ikasle bat, ordenagailu bat. Hori omen da helburu. IKT ikus-entzunezko teknologia berriak ezinbestekoak dira gelan; noski.
Zein urrun dago Kamerun,… baita Etiopia ere!, baita… Javier Sadaba filosofo eta etikako irakasleak esan berri du: “benetako iraultza kulturatik etorriko da, hezkuntza mundutik, alegia”. Beharrik!
Txema Ramirez de la Piscina, EHUko irakaslea eta Koldo Mitxelenako aita.
http://www.hitzak.net/tag/koldo-mitxelena
No hay comentarios:
Publicar un comentario